CEINPRO eta VRealm: errealitate birtuala ikaskuntzan aplikatuta

Or 25 Ira 2026

CEINPROko 3D Espezializazio Zikloko ikasleek lankidetza berri bati ekin diote Irungo VRealm enpresarekin, errealitate birtualeko esperientzia murgiltzaileetan espezializatua. Lankidetza horri esker, ikasleek teknologia berriekin lotutako lanbide ingurunea ezagutuko dute, eta errealitate birtualak esperientzia interaktibo eta murgiltzaileak sortzeko eskaintzen dituen aukerak aztertuko dituzte. VRealmek entretenimendurako nahiz enpresentzako errealitate birtualeko esperientziak garatzen ditu, punta-puntako teknologia eta ingurune murgiltzaileak erabiliz.

Proiektuaren ardatz nagusietako bat Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) izango dira. Horiek abiapuntu hartuta, ikasleek hainbat proposamen eta eduki landuko dituzte. Errealitate birtualeko ingurune eta esperientzia pedagogikoak sortuko dituzte, sormena, teknologia eta ikaskuntza uztartuz.

Helburua da aztertzea nola erabil daitezkeen ingurune murgiltzaileak hezkuntza edukiak hurbiltzeko, ikaskuntza esperientziak sortzeko eta jasangarritasunarekin nahiz 2030 Agendarekin lotutako erronkei modu bisual eta interaktiboan heltzeko. Errealitate birtuala hezkuntzan erabiltzen duten esperientziek dagoeneko aztertzen dute teknologia horrek bizipenen bidezko ikaskuntza sustatzeko eta GJHekin lotutako edukiak lantzeko duen ahalmena.